
Ongi etorri Kolorekara!
Donostiako Alde Zaharraren bihotz-bihotzean gaude 2013az geroztik, bertako egunerokoa eta paisaiari begiratzen dihardugu. Gure motibazioa oroitzapenak eskaintzea izan da beti, eta hala jarraitzen du izaten gaur ere. Bidaiatzera joango diren oroitzapenak, bigarren bizitza bat izango dutenak beren etxe berrian.
Gutxiago gehiago dela dioen filosofiari jarraituz, istorio bakunak kontatzen ditugu, gure soiltasun estilistikotik abiaturik baina goxotasuna eta hurbiltasuna galdu gabe. Nahiz eta erreminta digitalak erabiltzen ditugun, analogikoa da gure lanei zentzua ematen dien oinarria: behaketa eta inspirazioa.
Gure espiritu geldiezinarekin, konposizio bakoitzari merezi duen tratamendua eskaintzen diogu, eta bide horretan lagun ditugu serigrafia, argazkia, pintura...

Binomio batetik abiatuta sortua da gure izena: kolorea eta oreka. Eta termino horiexen atzean gaude Nerea eta Ramón, nahasketa horren kolorea eta oreka. Denbora luzean, oroitzapenak metatu ditugu objektu modura, eta, begirada batetik abiaturik, berriro ere bizitako esperientzietara eramaten gaituzte. Sentsazio horrexek eraman gintuen Koloreka asmatzera. Errutinari ihes egin, eta oroitzapenak sortzeko aukera ematen digun espazio bat da.
Espiritu horrekin, txotxongilolarien pare azokaz azoka ibiltzeari utzi eta geure denda ireki genuen, eta, hala, formatu handiagoko piezak erakusten ere hasi ginen.
Bisitatxo bat egitea erabakitzen baduzu, ikusgai izango dituzu gure erreprodukzioak, akuarela-paperaren gainean hainbat inprimatze-teknikaren bidez eginak. Eskuz sinatuak dira guztiak ere, edizio irekietan zein mugatuetan. Bat-batean maitemintzen bazara eta berehala aurkitzen badiozu txokoren bat etxerako, buruhauste bat kenduko dizugu, neurrira egindako markoak baitauzkagu. Multzoa osatzeko, gure bilgarri ederrak, etxe aldera seguru babesturik eraman dezazun.
Hasiera-hasieratik, bertako hornitzaileekin lan egiten dugu, gure ezinegonak partekatzen ditugu haiekin, eta, nolabait ere, gure taldearen parte dira.
Bidaiariak, paseoan dabiltzanak, profesionalak eta atsedenalditxo bat hartu nahi duenak ateak irekita izango ditu gurean, bere istorioa zer irudirekin ilustratu nahi duen aukeratzeko.
Gure taldea

Nerea Urrestarazu Arte-zuzendaritza
EHUn Arte Ederrak ikasi ostean, bizitzaren erdia ikus-entzunezkoen errealizazioan eman du. Halaxe ikasi du atmosfera egokiak sortzen, istorioak kontatzeko.
Hainbat proiektu bakarrik egin ostean, Ramónekin elkartu zen Koloreka sortzeko; espazio horretan zabaltzen du bere sorkuntza-esparrua.
Egiteko nagusia lan-ildo berriak sortzea da, bizi dugun espazio eta denborara egokiturik, hunkipena sortzen jarrai dezaten, apurtxo bat bada ere.
Ez da bereziki trebea hitzak baliatzen, eta horrexegatik baliatzen ditu irudiak, bere tokian adieraz daitezen, gure atetik sartzen direnei hitza emanez.

Javier Vallejo Administrazioa eta Komunikazioa
Diseinatzaile grafikoa eta bateria-jotzailea. Hemeretzi urtez artistentzako laguntzaile eta musika tresnen markentzat publizitatean aritu zen lanean. Aldi berean, beste prozesu eta arte grafiko batzuekin esperimentatzen jarraitzen du. Orain Kolorekako atzeko eszenatokian kokatuta dago, eta bere lana ikastaro eta tailerrekin uztartzen du.

Leire Mendizabal Saltzailea
Eszenografia eta Jantzien Diseinua ikasi ondoren, hainbat antzerki-muntaiatan parte hartzeko aukera izan du. Duela urtebete inguru, ilustrazioaren mundua arakatzen hasi zen, batez ere argazki zaharretan inspiratuta. Kolorekan egindako lanak sormen prozesu osoa ezagutzeko aukera eman dio —diseinutik azken salmentara arte— eta bezeroekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera ere bai.

Ramón Anaya Negozio Garapena
Zaragozako kartografo honek urte batzuk eman zituen ingeniaritza eta ingurumen enpresentzat mapak egiten. Nerea ezagutu ondoren, eskala aldatu eta 2012an bere iparrorratza Donostiara zuzendu zuen. Handik gutxira, elkarrekin abiatu ziren gaur egun elkarrekin gidatzen duten proiektu honetan.
Bere eginkizuna “beste paper-lana” kudeatzea da, eta askotan, ontziaren lema egonkortzea, norabidea gal ez dezan.
Gona janzten duenean, gure galeria txikia atseginagoa bihurtzeko irtenbideak asmatzen gozatzen du.

Iker Arrue Dendako arduraduna
Ikerrek 20 urte baino gehiago eskaini dizkio dantza profesionalari, baina mundu horretan sartu aurretik, arkitektura ikasi zuen Donostian. Atzerrian ibilbide luzea egin ondoren, duela gutxi batu da Kolorekako taldera, non oso pozik eta beteta sentitzen den, eta Nerearen lan artistikoak liluratuta dago. Ikerrek Kolorekako lana dementzia duten pertsonei zuzendutako tailerrak ematearekin uztartzen du, gizartearekiko konpromisoa erakutsiz.

Nora Jauregui Saltzailea
Oiartzunen jaiotako ikus-entzunezko sortzailea. Argia eta egunerokotasuna miresten dituenez, Arte Ederretan graduatu zen Salamancako Unibertsitatean, Ikus-entzunezkoetan espezializatuta. Istorioak kontatzeko jakin-minak Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolan sormen master bat egitera eraman zuen. Bere begirada bereziari esker, argazkilari lanetan aritzen da Cine Cauce erakusketa alternatiboan eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldian.
Idatzi, deitu edo, are hobekiago, zatoz gu ikustera
- Astelehenetik Larunbatera
- 12.00 - 20.00
- Igandea
- 12.00 - 17.00








